XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZEGAMAKO KONTUK

XABIER AZURMENDI

0. Sarrera

Eskuartean dugun kontakizun bilduma ugari eta eder honek uste dugu bi hitz merezi dituela.

Egin berria izanik, argi adierazten digu oraindik aho kontakizunak herriaren ahotan, aldez edo moldez, bizirik dirauela.

Ez, agian, garai batean bezain oparo eta sendo.

Ezta ere, agian, orduan betetzen zuen funtzio anitza beteaz.

Baina, hor daude eta oraindik ez dira agortu.

Orain arte izan ditugu gure herrian kontakizun biltzaile ospetsuak.

Gogoan ditugu denok, batipat, bi biltzaile erraldoi, haranola Azkue eta Barandiaran jauna.

Horien eredupean, gaur egun ere badira biltzaile eta komentaristak: Antonio Zavala eta zergatik ez, gaur aurkezten dugun bilduma honen egilea.

Xabier Azurmendi, bilduma honen osatzaileak, urte luzeetako lana eskaini digu oraingo honetan.

Zegaman, bere jaioterrian burutu du eskuartean dugun lan bikain hau.

Lan bikaina ugaltasunez, herri mintzo zuzenaren ordezkari gisan eta baita ere, ahozaho gureganatu zaigun altxor ugariaren parte bizia.

Narrazio hauek aztertzerakoan, garbi ikusten da mundu oso zabal baten aurrean gaudela, haseran uste daitekeen baino agorrezinagoa eta esparru horretan, bestalde, kontakizun zaharrak, ez hain zaharrak eta berriak ere nahasten direla.

Gauza jakina da herriaren memoria ahula dela, ahazkorra.

Ipuin zahar eta kontakizun asko herriaren ahotan ahaztuak baldin badaude ere, honen konta beharrak, berriak erantsi ditu, asko eta asko hurbileko gertakariei atxikiak.

Ez ote dute merezi zaharrek bezainbateko ohorea?

Hala izan edo ez izan, herriaren ahotan egoteak, zilegi egiten du eskuartean dugun multzoan barneratzeko.

Irakurleak ikus dezakeenez, haietako asko, bai zahar, erdi zahar, zein berri, gehienak agian, ez dira originalak.